XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nire ustez ordea, esperientziadun irakasleek ez dituzte eskolak nolanahi moldatzen; horren ordez, eredu mental batzuetatik abiatuz eredu sortzaileak lan egiten dute, sukaldari on batek, adibidez, arrautzopilaren prozesuaren irudikapen mentala duelarik, eredu horretatik arrautzopil desberdin ugari sortzen ahal dituen bezalaxe.

Gainera, eredu horiek praktika egokian oinarritzen dira.

Ez du zentzurik zartaginean arrautzak olioa baino lehenago jartzeak.

Gramatika-hurrenkera errepikakor batzuk eta idatzizko ariketa batzuk soil-soilik dituen saio bat prestatzeak ere ez du zentzu handirik.

Scrivener-ek berak aitortzen duen bezala, edo hobeto, bere ikastaldiari jarraitu zion trebagai batek, BEAz baliaturik ikasaio bat behatu eta deskribatzean, dioen bezala: Ikusi nuen (zuten?, trebagaiak eta Scrivener-ek) beharbada... jarduerak behin eta berriro errepikatzea eta elkarreragin-eredu mugatuak ikasleak aspertzeko eta adorea galarazteko modukoak izan zirela (Scrivener, 1996: 109).

Badira arrautzopil onak eta arrautzopil txarrak; badira eskola onak eta eskola txarrak.

Trebatzen ari direnek eskola onaren ereduak behar dituzte.

Aldamioak eta irudiak

Ereduak heldulekuak dira. Ikasgelako elkarreraginen dimentsio-aniztasunaren eta igartezintasunaren aurrean, irakasleek zama mentala arindu egin behar dute, ikasgelako elkarreragineko jarduerei arreta eskaintzeko.

Horretarako, ohiko jarraibide batzuk, eta horien euskarria den eskolaren barne-irudikapena (edo aldamioa), landu behar dituzte.

Esperientziadun irakasleak eraikitzen dituen eta erabakien plangintzarako egitura ematen dioten aldamio mental horiek orokortasun-maila desberdinetan deskribatu izan dira, adibidez schemata (Leinhardt eta Greeno, 1986), mental scripts (Shavelson eta Stern, 1981), plans in memory (Calderhead, 1984) eta images (Morine-Dershimer, 1979).

Deskribapenak deskribapen, adimeneko irudikapen horiek funtzio heuristiko indartsua daukate.

Har ditzagun irudiak, adibidez.

Esperientziadun irakasleek eskolaren irudiak dituzte buruan.

Calderhead-ek dioenez: Irakasleek eskolako ohiko martxari buruz gogoan dituzten irudiak dira horiek. Esate baterako, irakasleek aritmetikako, letreiaketako edo zientziako klase baten irudia eduki dezakete, klasearen nondik-norakoak, beharrezko prestaketa eta antolamendua, haurrek zer egingo luketen eta nola erantzungo luketen erakusten dizkiona (Calderhead, 1988: 55).

Gure alorrean, horrek esan nahi duena hauxe da, hizkuntz irakasle trebatuak irudi mental bat daukala irakurketa-klaseaz, gramatika-klaseaz, idazketa-klaseaz, eta abar.

Irudi hori da plangintzari dagozkion erabakiak errazagoak egiten dituena eta, planifikatutakoa burutu bitartean, eskolari egitura bat ematen diona, bertan irakasleak eraginkortasunez lan egin dezan.